Iritsi da azkenik elkartzeko unea, eta ilusioz beteta hurbildu gara Eibarrera.
Ostirala: maletak pisura igo, eta kalean zerbait hartzera irten gara. Bakoitza oporrak nola igaro ditugun kontatzen aritu gara, a zer plan politak egin dituzuen! Ondoren, afaldu eta giro atseginean apurka-apurka oheratzen joan gara.
Larunbata: goizean Bergarara abiatu gara San Martin festaz gozatzera. Barazki eta etxeko produktu askoren artean ibili gara, kolorez eta zaporez beteriko azokaz gozatzen. Jaki ugari dastatzeko aukera ere izan dugu, eta odolki pintxo goxo batekin borobildu dugu bisita. Arratsaldean, berriz, Urretxura hurbildu gara folklore emanaldia ikustera. Herrialde ezberdinetako dantzariek beren kultura eta tradizioak erakutsi dizkigute: jantziak, musika eta dantza koloretsuak. Benetako bidaia txiki bat izan da munduan barrena.
Igandea: eguraldi onak Debara eraman gaitu. Paseo lasaia eman dugu, eta hondartzaren aurreko taberna batean pote bat hartu dugu. Oso giro polita, atseden hartzeko ezin hobea. Asteburua borobiltzeko, etxera itzuli gara azken bazkaria egitera. Ondoren, siesta eta azken pote batekin eman diogu amaiera asteburu polit honi.
Horrelako asteburuek berriz elkartzeko gogoz uzten gaituzte beti. Zaindu elkar ikusi bitartean!



















No hay comentarios:
Publicar un comentario