Este finde nos hemos quedado por Donostia pero no hemos parado de hacer cosas diferentes y todas muy divertidas. El viernes estuvimos charlando y conociéndonos, también planeamos un poco el finde. ¡¡El sábado fuimos a pescar y salimos en la tele y todo, fue súper divertido!! El domingo para despedirnos paseamos y tomamos algo al sol.
Asteburua eguraldi bikainarekin hasi genuen. Ostiralean denok elkartu ginen eta elkar ezagutzeko tartea hartu genuen, aurpegi berri batzuk bait genituen gurekin. Inharrek eta Izaskunek taldea ezagutzeko taldearen aurkezpena egin genuen, eta asteburuko planak elkarrekin antolatu genituen.
Iluntze ederra zegoenez, Villa Mariko terrazan afaldu genuen, kanpoko freskotasunaz gozatzen. Afaldu ondoren, mahaiaren bueltan solasean aritu ginen berandu arte eta gero denok lotara joan ginen, hurrengo egunerako indarrak hartzeko.
Larunbat goizean Villa Marin geratu ginen jolas batzuk egiten. Arratsaldean, plan berezia genuen, arrantzako txapelketa batera joan ginen. Zurriola Elkarteko arrantzaleekin batera Urumea ibaian ibili ginen arrantzan. Aritzek txapelketako azken arraina harrapatu zuen, eta EITBko lantaldearekin ere egoteko aukera izan genuen. Taldean ez dugu arrantzale apartik, baina kameraren aurrean primeran moldatzen gara!
Arrantza saioa amaitutakoan, Zurriola Elkartera joan ginen sari banaketara. Bertan, txokolatea eta kruasana eskaini zizkiguten, musika ere ez zen falta izan, eta tanborradako abestiak kantatzen aritu ginen giro ezin hobean. Gazte talde hau beti dago festarako prest!
Etxera bueltan, EITB piztu genuen arratsaldean grabatutakoa ikusteko. Denak oso pozik zeuden telebistan agertu zirelako, familiei abisatu eta bideoak bidali genizkien ilusio handiz. Emozioz beteriko egunari afari goxo batekin amaiera eman eta goiz joan ginen lotara... arrantzak ere nekatzen baitu!
Igande goizean Grosetik paseo bat eman genuen. Eguzkia atera zenean, terraza batean eseri eta pintxo bat eta pote bat hartu genituen asteburuari amaiera bikaina emateko. Ondoren, etxean bazkaldu, maletak prestatu eta bakoitza bere etxera itzuli zen.
Hurrengora arte!














No hay comentarios:
Publicar un comentario